SARRERA

 Donejakue Bidea (Santiago Bidea ere deitua) Erdi Aroan sortutako erromes-bidea da. Kondairaren arabera, Teodomirok, Iria Flaviako (Padron) apezpikuak, aurkitu zituen Donejakueren aztarnak 814. urtean. Tradizioak Jakue apostoluari egozten dio Iberiar Penintsularen ebanjelizazioa, baina fedegabeak kristautasunera bihurtzeko arrakasta handirik izan ez zuela ere aitortzen du. Palestinara itzuli ondoren, Herodes Agripa I.ak burua mozteko agindu zuen. Bi ikaslek txalupa batean sartu zuten bere gorputza eta, Gibraltarko itsasartea zeharkatu ondoren, Padronera iritsi ziren. Alfontso II.a Garbia izan zen lehenengo erromesa eta toki hartan eliza bat eraikitzeko agindu zuen; apostolua musulmanen kontrako borrokaren sinbolo bihurtu zuen.

 


 

Berria oso azkar zabaldu zen lurralde kristauetan eta erromesaldi jendetsuak eragin zituen Santiagora, Erromak edo Jerusalemek zuten garrantzi bera hartuz. XII. menderako ibilbideak guztiz definituta zeuden eta Aymerich Picaudek erromesentzako gida bat prestatu zuen.

Gizarteko maila guztietako erromesek egin zuten bidea: aberatsek eta boteretsuek zerbitzari asko eramaten zituzten eta, horien ondoan, gizon-emakume apal eta pobreek oinez edo asto gainean egiten zuten bidea.

Donejakue Bideak ibilbide ugari zituen, baina jende gehienak ibilbide 

frantziarra egiten zuen. Erromesak Europatik iristen ziren penintsulara, Frantzia hainbat tokitatik zeharkatu ondoren; bide horiek guztiak Pirinioetako bi portutara iristen ziren: Orreagara eta Somporterara. Gero bi bide horiek Garesen elkartzen ziren. Herri horretatik bideak Logroño, Burgos eta Leon igarotzen zituen eta, azkenik, Santiagora iristen zen. Kostaldeko ibilbide bat ere bazegoen (ibilbide kantabriarra) eta Irundik sartzen zen penintsulan eta Donostia, Santander eta Oviedo igarotzen zituen Santiagora iritsi aurretik.


                               


Hala ere, izaera erlijiosoa zuen gertaera horren atzean interes politikoak eta ekonomikoak ezkutatzen ziren. Erdi Aroko erregeek (Nafarroako Antso III.a Handiak eta Gaztela eta Leongo Alfontso VI.ak, adibidez) erromesaldi apostolikoak bultzatu zituzten, erromesak igarotzean etekin handiak lortzen baitzituzten. Erromesek, merkatariek eta artisauek bidean kokatutako hiri zaharrei bizitza berria ekarri zieten eta oparotasun ekonomiko handia izan zen.

Erregeek hirigune berrien garapena sustatu zuten eta foruetan jasotako pribilegioak eta askatasunak eskaini zizkioten jendeari, lurralde horiek popula zitzaten. Merkatari eta artisau askok jatorri frantziarra zuten eta, horregatik, franko deitu zieten, guztiak Frantziakoak ez izan arren.

Donejakue bideak beste funtzio garrantzitsu bat ere bete zuen: Europako kultura eta pentsamendua hedatu zituen. Santiago Bideari esker izaera europarreko bi estilo artistiko hedatu ziren penintsulan, erromanikoa eta gotikoa. Aldi berean, arte musulmaneko hainbat elementu iritsi ziren Europara.


Proposatzen dizuegun bidaia hauxe da: bizikletaz, 10 etapatan eta bide frantsesari jarraituz, gauza ugari ikasten lagunduko digun bidaia birtuala.          

       Aukeratutako gaia gaur egungo gizartean hain garrantzitsua den aisialdiarekin lotuta dago eta interesgarria iruditu zaigu gela barruan lantzen duguna aisialdi-proiektu didaktiko batekin erlazionatzea. Horrela, ikasleek  dagokien  zikloko edukien ikaskuntza esanguratsua izatea lortuko genuke, berehalako aplikazio bat egiteko aukera izanik.

            Materiala 11 etapatan  (0 etapatik 10. etapara) banatuta dago. Etapa bakoitzean,  azkeneko biak kenduta, bi karpeta topatuko dituzue, bi esparruei dagozkienak, hain zuzen. 9. eta 10. etapetan esparruak joko baten inguruan elkartzen dira. Horretaz gain, gida didaktikoa ere hor duzue. 

 

Animatu, eta bidaiatu gurekin.


 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

SANTIAGOKO KATEDRALA-BIDAIA BIRTUALA

 Bidaia birtuala egin nahi izanez gero sartu ondoko jokuan. Ondo erantzun eta gero kode sekretua eskuragarri edukiko duzu bidaia birtualean ...